Hasiera Aralarko San Migel Santutegia


 

Gaineko sei arkuen pean, hiruna obaloaren alde bakoitzean, sei apostolu irudikatzen dira, berdez eta urdinez esmaltatutako tunika eta soingainekoz jantzirik. Oinutsik daude eta gorriz esmaltatutako liburu bana daramate, ezker aldean obalotik gertuen gelditzen denak salbu, honek San Pedro ezagutarazten duen giltza baitarama.

 

Azpian, ezker aldean, hiru errege magoak agertzen dira urrezko kopa banarekin; eta eskuin aldean, aingeru bat odei gainean, santutasun argiz inguratutako emakume bat eta aberaski jantzitako gizon bat bere kaska eta errege-makilarekin. Azalpenik onartuena hauxe da: Iragarkunde edo Anuntziazioa gogorarazten duen bilduma dela; Gabriel aingerua eta Andre Maria izango lirateke hasierako biak, eta hirugarrena, erretaula eginarazi zuen erregea edo beste emailea. Beste batzuen ustez, ordea, aingerua San Migel bera izango litzateke, santutegiko zaindaria, alegia; eta hirugarrena, berriz, San Jose.

Erdiko irudiaren gainean lau figura kokatzen dira, plaka errektangeluar banatan. Lau apostolu dira, lehen deskribatutako beste apostoluen janzkera bera erakusten dutela, naiz eta txikiago izan. Bilduma honen bi aldeetan hamasei medailoi aurkitzen dira, landare adaxken artean borroka eszenak irudikatzen dituztela.

  Aralarko esmaltezko erretaularen erdiko detailea. XII. mendekoa
Aralarko esmaltezko erretaularen erdiko detailea. XII. mendekoa
 

Erretaulan ageri diren pertsonaia guztiak, hiru errege magoak eta errege emailea izan litekeena salbu, beren buruak santutasun argiz inguraturik dauzkatela azaltzen dira. Jesus Haurra, apostoluak eta bi aingeruak oinutsik ikus ditzakegu; aitzitik, Ama Birjina, bere bi irudikapenetan, hiru errege magoak eta emailea, oinetakoekin ageri dira. Bitxia gertatzen da buruaren ezarrera figura bakoitzean. Erdiko irudiko Birjina eta haurra zuzen-zuzen aurrera begira dauden bitartean, beste pertsonai batzuk beren buruak okerturik eta leku askotara begira aurkitzen dira. Horrek, erretaula bere osotasunean hartuz, harrigarrizko efektua sortzen du. Esate baterako, magoetan lehenengoak ezker aldera bihurturik dauka burua; horren ondorioz erretaulatik kanpora begiratzen du, erdian dagoen Haurrari begiratu beharrean, horri bere eskaintza egiteko. Bestalde, Anuntziazioko Birjinak ere bere burua bihurturik dauka, baina ez bere ezker aldean dagoen aingeruarengana, errege emailaren aldera baizik. Eta aingeruak, bere aldetik, Maria dagoen kontrako aldera itzulirik dauka.

1982an hasi ziren berriztatze lanak zirela eta, azterketa sakona egin zen. Hor, zurezko euskarrian gelditutako iltze zulo eta beste ezaugarrien bitartez, zera egiaztatu zen: 1765. urtearen aurretik neurri bereko irudiak beste modu batera antolaturik zeudela. Sei apostoluak, eskuin aldeko arkuetan, hiru goian eta hiru behean; Anuntziazioko irudiak eta errege emailea, orain bezala, baina ezker aldeko goiko arkuetan; eta errege magoak, beste modura antolaturik, azpiko ezker aldean. Beharbada ez zen hori izango jatorrizko kokapena, baina ez dugu zehazteko argibiderik aski. Hala ere, arrazoi guztiz zera pentsa daiteke: egileak atal guztiei elkarlotura emango ziela artelan osoaren barruan. Zertarako, bestela, hainbeste xehetasun pertsonaiengan? Hauetako bakoitza bereizi egin baitzuen, bere itxura, janzkera, keinua eta, batez ere, bere buru nabaria emanez. Ezin da pentsatu, arreta eta trebezi handiz egindako erretaula horrek gaur ikusten diren efektu desegokiak sortuko zituenik hasiera batean.