Hasiera Aralarko San Migel Santutegia


 

Erretaularen egite datari buruz azaldu den iritzi aniztasun bera ematen da jatorria zehazteko orduan. Garai ezberdinetako adituen artean, Uranga, Íñiguez edo Gómez Moreno autoreek Silosko eskolan egina dela diote. Arrazoia, hauxe: Burgosko museoan aurkitzen den Erdi Aroko kutxatila esmaltatuarekin duen antzarengatik. Artelan hau Silosko Domingo deunaren abadiatik dator. Lojendiok eta beste batzuek Limogesen egina dela uste dute. Interpretazio berriagoak, Marie Madeleine Gauthierren eskutik, Iruñean finkaturiko zilargin esmaltatzaile talde baten lana dela dio. Artelan hori Santxo Jakintsua erregeak eta Paristar Pedro apezpikuak espreski aginduta egingo zuten. Zilarginaren lantegian elkartuko ziren metalgintzako gizonak, urtzaileak, grabatzaileak eta zurginak. Gainera, parte hartuko zuen Limogestik etorritako esmaltatzaile maisuren batek, bere aparteko lanarekin. Honek berekin ekarriko zituen koloreztatuko beira puskak: kobre herdoilez lortutako berde, gorri edo turkesa biziak; baita antimonioz hori opakoa, eta eztainuz zuri opakoa bihurtutakoak ere. Erabilitako material zenbait balio handiko ziren: urrea, kobrea, merkurioa, beira, kristal koloreztatuak. Batzuk, urrutitik ekarritakoak: harkaitz-kristala, adibidez, Afrikako Atlasetik.

 

Erretaulak 37 esmalte ditu. Erdiko obaloan edo mandorlan aurkitzen da irudi nagusiena, Ama Birjina Haurrarekin, lau ebanjelarien sinboloekin osoturik. Bi alderdietan simetrikoki hamabi arkutxo aurkitzen dira, hirunako bi lerro alderdi bakoitzean, eta arku bakoitzaren barruan esmaltezko irudi bat. Arku artean Zeruko Jerusalen adierazten duten erliebe batzuk ikus daitezke. Goi aldean lau irudi txikiago eta 16 medailoi ageri dira. Hauen artean 1979an ostu eta berreskuratu ezin izan diren bien hutsarteak daude. Beste harribitxi anitzek hornitzen dute obra osoa.

  Ama Birjina haurrarekin. Aralarko errataularen erdiko mandorla
Ama Birjina haurrarekin. Aralarko errataularen erdiko mandorla
 

Esmalte piezak txanplebe motakoak dira. Tankera honetan esmalte likidoa kobrezko xaflatan prestaruriko gelatxo ñimiñoetan isuriz eginak dira. Esmaltea osotu egiten da gero. Horretarako irudien eskuak eta oinak zizelatzen dira, baita buruen erliebeak ere kobre urreztatuaz, non begiak esmaltatuak agertzen diren. Guzti horrek sekulako ikuspegia ematen dio lan osoari. Esmalte lan trebe honek dotoreziaz nahasten ditu koloreak: urdin mota asko berde, zuri, beltza eta gorriarekin.